XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ondo neurtu al dira aurreko praktikan erreaktibo eta produktuen masak, masa kontserbatzen den ala ez esan ahal izateko?.

Zer egin beharko da, erreakzio kimikoetan zehar masarekin gertatzen dena egiaztatzeko?.

Praktika honetan pastila eferbeszente bat uretan botatzen dugunean, masarekin gertatzen dena egiaztatzera goaz.

Edozein pastilak balio du: aspirina, bitaminak, edozein (eferbeszentea bada).

1. Jar ezazu balantzaren plater batean erlenmeyerra urarekin, pastila eta globo bat.

Orekatu balantza beste platerean pisuak jarriz.

2. Bota ezazu pastila erlenmeyerrean eta berehala itxi ezazu honen ahoa globoarekin.

3. Zer gertatzen da?.

Aldatzen al da masa?.

Irakurgaia: Lavoisierren bizitza

Frantzia zurrunbilo batean zegoen murgildua.

1789. urtean hasitako Iraultza, indarkeriaren pean zegoen.

Izuaren garaia zen.

Erregearen garaiko gehiegikerietan parte hartu zutenak espetxeraturik zeuden.

Horien artean Ferme Généraleko partaideak zeuden.

Hauek zerga biltzaileak ziren, eta jende xumeak biziki gorrotatzen zituen.

Bere zoritxarrerako Lavoisier elkarte honen partaidea zen.

Administrazio lanak besterik ez zituen egiten, eta irabazitako dirua bere ikerketa kimikoak ordaintzeko erabiltzen zituen.

Hala ere, 1792. urtean bera atxilotzeko agindua eman zen.

Bila joan zitzaion ofizialari hau esan omen zion: Ni ez naiz politikoa.

Zientzilaria naiz.

Eta honen erantzuna hau izan zen: Errepublikak ez du zientzilarien beharrik.

1794ko maiatzaren 2an gilotinatu zuten.

Unetxo bat nahikoa izan zen bere burua mozteko.

100 urtetan ez da beste halakorik sortuko esan zuen Lagrange astronomo handiak.

Lavoisierren bizitzak bukaera tragikoa izan bazuen ere, zoriontsua izan zen.

1743. urtean jaio zen.

Bere aita abokatua zen, eta familiaren egoera ekonomikoa ona zen.

Hala, Lavoisierrek heziketa bikaina jaso zuen.

Nahiz eta Zuzenbideko tituloa lortu, ez zen legeetaz arduratu.

Gaztetandik bere grina kimika izan zen.

Bere ikerketak hasi zituenetik ulertu zuen zehaztasunaren garrantzia.

Balantzaren erabiltze sistematikoa Lavoisierrek ekarri zuen kimikaren eremura.

Bi mende lehenago Galileok fisikan egin zuen bezala, kimikaren oinarriak ezarri zituen, eta bertan behera bota zituen kimikariek zituzten ideia zaharkitu eta okerrak.

Horien artean lau elementuen teoria zegoen: sua, airea, ura eta lurra.

Honen arabera, ura behar hainbat denboran berotuz, lurra lortzen zen.

Lavoisierrek 101 egunez berotu zuen.

Hondakina azaldu, azaldu zen, baina Lavoisierrek aurretik ontzia pisatua zeukan, eta frogatu zuen hondakin horren pisua eta ontziak galdutakoa berdinak zirela.

Hondakina, beraz, ez zetorren lur bihurtutako uretatik, ontziaren beiratik baizik.